Transfeminismoaren uda laburra?

El artículo “¿El corto verano del transfeminismo?” de Itziar Ziga traducido al euskera por cortesia de Garazi Arrula.

ziga-e1393927514964Errenteriar nomada ekintzaile feminista nekaezin aritu da azken hogei urteotan, eta beste batzuek ez bezala, paperera eramaten jakin du garaian garaiko hausnarketa eta borroka feministak; Andra aldizkarirako idatzi du, ex_dones mugimenduan jardun du Monica Boixekin batera eta, besteak beste, bi saiakera plazaratu ditu Melusina argitaletxearekin (2009), Devenir perra eta Un zulo propio. Halaber, Sexual Herria kaleratu zuen 2011n Txalapartarekin. Urte horretan bertan transfeminismoaren oinarriak azaldu zituen BERRIAn egin zioten elkarrizketan. Duela gutxi plazaratu du Txalapartak berak Transfeminismos, hainbat eskuren testuak biltzen dituen saiakera, eta hain zuzen horretan Itziar Zigak egindako ekarpena dakarkizuegu hona, liburuko potenteenetako bat delakoan. On egin, bada, eta larunbatean ikusiko dugu elkar kalean.

Transfeminismoaren uda laburra?

Itziar Ziga

¿Sabes lo que fue más hermoso de aquella noche?
Ver a todas las hermanas de pie como una gente unida.
Sylvia Rivera 1969ko ekainaren 28ari buruz

Tengo el presentimiento de que llega la acción
Shakira

Bitxi sentitzen naiz hainbat egileko sortze-manifestu honetara nire kritikak ekarriz, feminismo euforikokoa naiz ni. Baina suspergarria da niretzat (eta guztiontzat) aurretik inoiz ibilitako parajeetara lotzea. Hiru arriskutan laburbildu ditut transfeminismoak hartzea gustatuko ez litzaidakeen norabideak, batzuetan, gure eztabaidetan eta praktika politikoetan agertzen baitira. Identifikatzea erabaki dudan hiru iruzur tamalgarri, ez dezagun desaktibatu orrialde hauetan taupadaka ari den botere zoragarri eta geroz eta handiagoa. Luze bizi dadila transfeminismoa!

1. arriskua: Feminismoa gainditzea.

Gutxi behar dugu dikotomia madarikatuak birsortzeko, nahiz eta haiengandik ihes egiten saiatu. Lan nekeza izan da Mendebaldeko pentsamendu binaristatik deskolonizatzea, oso nekeza. Granadan 2009an egindako Estatuko Jardunaldi Feministetatik aurrera geure burua transfeministatzat hartzea talde-proiektu zoro bat ikusgarri egiteko modua izan zen, proiektu bat helburu zuena errotikakotasuna berreskuratzea, aliantza politikoak biderkatzea eta sexu-genero identitateari behin betiko esentzialtasuna kentzea. Baina ez genuen halakorik egin gainontzeko feministekiko oposizioan, ez genuen modu harro eta ezjakinean inplikatu beste feminista guztiak ez direla errotikakoak, baizik sektarioak eta biologizistak. Ez genuen muga bat jarri haien eta gure artean, zeren, ni neu behintzat, beti sentitu bainaiz gu, zuek, haiek.

Izutzen nau transfeminismoa feminismoaren gainditze baten gisan ulertzeak, eta ikaragarri aspertzen. Oi, antagonismo sistematikoa, zer-nolako mina eman digun historian eta zer zaila den eskaintzen digun erosotasun nazkagarriari uko egitea! Geure buruak handitasunez feminista autentiko izendatzen baditugu, alde batera utziko ditugu gure lehengo eta gaurko ahizpa guztiak. Eta hasiera-hasieratik saboteatuko genituzke, gainera, sortu nahi genituen aliantza politiko guztiak.

Arrats batean Beto Preciado entzun nuen esaten feminismoaren historia bere autoezabapenaren historia zela. Norbere burua transfeminista izendatzea ezin da aitzakia izan elikatzen gaituzten feminismo erradikalen genealogia zoragarri guztiak ezabatzeko, zeren bestela, laztanok, transfeminismoa neomatxista izanen da. Eta patriarkatuari bidea errazten ariko gara, propaganda antifeminista sortuz eta gure artean bereiziz. Eta, hain zuzen, jokoaren une honetan nahiago izan badugu transfeminista izenaren pean semantikoki biltzea ―eta ez queer izenaren pean― izan da tentazio antifeminista oro uxatzeko. Eta ez queer edo kuir aktibismo eta multzoak, sortu ziren tokian eta zabaldu direnetan, posible egin zituen feminismoari buruz inoiz marmarka ibili direlako.

Feminismoa, bere sorrera lausotik (ez dut beste behin errepikatuko europar eta ilustratu sortu zela), errotikakotasunaren eta errotikakotasun hori desaktibatzeko ahaleginaren arteko tentsio etengabeak ezaugarritu du. Sokatira atergabe hori kanpotik egiten da, baita barrutik ere. Argitu nahi dut, one more time, erradikaltasunaz mintzo naizenean horren adiera etimologikoaz ari naizela, ez telebistak emandakoaz. 70eko urteen hasieran gure amatxo transfeminista Angela Davisek zioenez (kaleratu berri den dokumentalean entzun nuen: Free Angela And All Politicals Prisioners), “errotikako” hitzak esan nahi du gauzen erroa bilatzen duela. Beraz, ez bazara errotikakoa axalekoa izanen zara. Edo ergel hutsa, zuzenean.

Memoria pixka bat, emakumeen dokumentazio gune bat edo sarerako konexioa duen orok badaki hamarkadak direla feminismoei buruz mintzo garela, pluralean. Eta, sekula ez dugunez gure artean aginterik onartu, uneoro elkarrekin bizi direla, nahasten direla, eztabaidatzen dutela, elkar elikatzen dutela eta elkar pikutara bidaltzen dutela ere hamaika kolektibo eta norbanako feministak. Gure historia ez da adiera bakarrekoa, ezta lineala, nominala eta laburgarria ere. Baieztatzen badugu une jakin batean feminismoa ―horrela, izate bat balitz bezala― instituzionalizatu zela eta emakume burges zuri eta heterosexualen interesak lehenetsi zituela, ukatzen ariko gara garai jakin hartan borrokan ari ziren feminista autonomo, langile, errotikako, puta, ijito eta bollera guztiak. Hori dela eta, nahiago dut transfeminismoa formulatu feminismoaren errotikakotasunaren beste berreguneratze baten gisan, orain eta hemen. Berreguneratze bizi bat, iskanbilatsua, etorkizun oparokoa, itxaropentsua, gertatzen ari dena, eta, ondorioz, ikus eta bizi dezakeguna. Eta azken urteotan izaki askotarikoak ekarri dituena, estigmari potroetan ostiko bat jo eta beren burua feministatzat duten kreatura ausartak, izugarri argiak, kartsuak. Zeren hemeretzi urterekin dagoeneko Teoria King Kong irakurria baduzu, zure bizitza bestelakoa izanen da.

2. arriskua: Heliozko puxiken matxinada.

Feminismo ez binarista batek ezin dio ezikusiarena egin genero zapalketei, zeren, horrela egitekotan, ez da feminista izanen, are gehiago, patriarkatuaren mesederako izanen da. Gauza bat da askorentzat queer genealogiak liberazio bat ekarri izana, generoari aurka egin ahal izateko eremuak erakutsi baitizkie ―jaiotzean medikuntzak eta jendarteak ezarritako eta sekula eroso ez izandako genero horri―, eta beste gauza bat da horregatik generoen harreman-botereak desagertuko direla. Gauza bat da jakitea generoa (arraza, klasea, sexu-hautua…) jendarteak eraikitako zerbait dela, eta beste gauza bat horiek ez existitzea. Zapalkuntzak identitate aldagarritan oinarritzeak ez du esan nahi inondik ere zapalkuntza horiek eraisten ari garenik.

Trans aurrizkiak ez du ez-bitarra soilik esan nahi, baizik eta, batez ere, ez zurrundua, ez antagonista. Irekia, nahasia, bizia, eskuzabala, abenturazalea… Sutan jartzen naiz entzuten dudanean ez dugula emakumeez hizketan jarraitu behar. Noski, hemendik aurrera heliozko puxikak gara jendarteko linboan zintzilik. Ez gara ez emakumeak ez gizonak, ez zuriak ez beltzak ez ijitoak ez mairuak, ez euskaldunak ez palestinarrak ez somaliarrak ez alemanak, ez aberatsak ez langabeak, ez bollerak ez maritxuak ez putak ez heteroak, ez lodiak ez argalak ez gorrak ez down ez seropositiboak ez herrenak… Erretolika horrekin jo eta su dabiltzanak, binarismoa zapalketa baino gogaikarriagoa iruditzen zaien horiek: joan eta esan emakume beltz bati benetan ez dela ez emakume ez beltz. Eta ez kezkatzeko, ozen oihuka dezala: generoa eta arraza eraikuntza sozialak dira! Eta modu horretan, haren bizitza gurutzatu duten matxismoa eta arrazismoa betiko desagertuko dira, sorginkeriaz bezala. Aizan, ikusten zer erraza zuan! Tira, ausart zaitezte esaten: guztiok gara pertsonak! Azken batean, queer-a gaizki ulertzen duten jarrerek liberalismoaren antza hartzen dute modu arriskutsuan.

Queer matxinada-ekintzek eta Butlerren performatibitatearen kontzeptuak eragindako generoaren desdramatizazioak ekarri du inoiz baino gehiago identitateak estrategikoak izatea, eta ez esentzialak. Horrela, bada, jendartean emakumetzat identifikatzea ez da hain pisua, birjabetzeak errazagoak dira eta besteekiko hausturak nahiz aliantzak biderkatzen dira. Baina “emakumeak” subjektu politikoa desegiten saiatzea burugabekeria bat da, jauzi bat amildegira, suizidio politiko bat. Eta antifeminista eta ergela da jasan behar izatea nola beste batzuk hatzaz seinalatzen didaten eta lezioa eman nahi didaten nire burua emakumetzat eta bolleratzat dudalako, eta, gainera, beste ostiko bat merezi dute potroetan, izan zein ez.

Murgil gaitezen sakon-sakonera. Nola ostia hautemanen eta aurre eginen diogu biolentzia matxistari ezin bagara emakumez mintzatu? Biolentzia matxista ahalbidetzen duen jendarte androzentriko baten baitan sozialki emakume identifikatzea ez al da ba arriskuan jartzen zaituena zure aita, senargai, buruzagi eta edozein ezezagunaren aurrean? Erasotzaileari zalantzak sartuko zaizkio zure buruari femeninoan egiten ez badiozu? Beren burua ez gizon ez emakume identifikatzen ez dutenen bizitzak besterik ez zaizkio axola transfeminismoari? Zer arraiotarako nahi dut nik biolentzia matxistatik defendatzeko balioko ez digun transfeminismo bat?

3. arriskua: Jardunaldizalekeria, zilborzalekeria eta blablablazalekeria fenomenoa.

Inoiz baino gehiago sinesten dut komunitate-feminismoan. Leku jakin batean kokatzea, taldean politikoki heztea, beste kolektiboekin eztabaida sortzea, gure beharrei ez ezik auzokoen beharrei ere erantzuten dieten jarduera zabalak garatzea eta aholkularitza, babesa, zaintza, baliabideak, sarea, ongizate burbuilak eskaintzea. Eta jarraitzeko asmoarekin. Faltan dut inurri-aktibismoa, baina gaur egun daramadan bizimodu nomadak ez dit horretarako aukerarik uzten. Gogoan dut akigarria zela, behartzen zintuela eraginkorra izatera eta akordioak bilatzera, bat egitera, praktikoa zela, zehatza, eta neurrigabeko protagonismoak uxatzen zituela.

Transfeminismoaren hasierako sorrera-aldia igaro ondoren, ekintzak etorri behar du. Nekatuta naukate berdinen arteko (ni neu barne) eztabaida amaigabeek jardunaldiz jardunaldi, non Belén Estebanen estiloko adierazpenak jaurtitzea lehenesten baita, deus proposatu gabe. Ahizpok, ez gaitezen bihurtu aretoko transfeminista, aretoa okupa batena bada ere. Astindu dezagun komunitate-transfeminismo bat, kutsakorra. Goazen hainbeste aldiz irudikatu eta amestutako aliantza anitz horiek hezurmamitzera. Eraiki dezagun norbera eta taldea defendatzeko segurtasun-sare bat gure bizitzak etengabe usurpatzen eta bortxatzen dituen heteropatriarkatu kapitalista eta hierarkia zale zuri horretatik. Izan ere, geroz eta suntsigarriagoa da sistemak darabilen gabetze masiboa, eta neoliberalismoaren egiturazko doitze-planak honezkero ez dira besteei gertatzen zitzaien gauza izugarria.

Eta hor antzematen dut transfeminismoaren potentzialik ederrena: kapitalismoari, alderdien demokraziari, arrazismoari, poliziaren kontrolari, europazalekeriari, modernitatearen tranpei, garapenkeriari uko errotikako eta utziezina egitetik abiatuta elkartu garenez eta ez soilik patriarkatuari uko egitetik (hori izan baita feminismo guztien borroka komuna), geure ahotsak eta geure proposamenak premiazkoak eta beharrezkoak dira gaur egun. Eraikitzen, ahizpok, eraikitzen.

Anuncios